Itzulera-zuzentaraua

||

‘Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/115/EE Zuzentaraua, 2008ko abenduaren 16koa, egoera irregularrean dauden hirugarren herrialdeetako nazionalak itzultzeko estatu kideen arau eta prozedura komunei buruzkoa’.

Egoera irregularrean dauden hirugarren herrialdeetako nazionalak itzultzeko arau eta prozedura bateratuak ezartzen ditu, “oinarrizko eskubideei jarraiki, tartean Erkidegoko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Zuzenbidearen printzipio orokor diren aldetik, errefuxiatuak eta giza eskubideak babesteko obligazioa barne”. Estatu kideek pertsonaren osasun-egoera, haurraren goragoko interesa eta familiako bizitza kontuan izan behar dituzte, eta ez-itzulketaren printzipioa errespetatu behar dute.

Hain hertsatzaileak ez diren eta nahikoak diren beste neurri batzuk eraginkortasunez aplikatzeko aukera dutenean salbu, Estatu kideek pertsonak barneratu ahal izango dituzte itzulera edo kanporatzea prestatzeko, bereziki ihes egiteko arriskua dagoenean edo pertsonak prozesu hori oztopatzen duenean. Barnealdia, agintari administratibo eta judizialek aginduko dutena, ahalik eta laburrena izango da eta izapideak egiten diren bitartean bakarrik egingo da.

Estatu kide bakoitzak epe jakin bat ezarriko du, gehienez ere sei hilabetekoa izango dena. Hala eta guztiz ere, barnealdia luzatu ahal izango da gehienez ere beste hamabi hilabetez, legeria nazionala kontuan izanik, uste baldin bada kanporatzea luzatu egingo dela “pertsonak ez duelako laguntzen edo hirugarren herrialdeetatik beharrezko dokumentazioa lortzeko atzerapenak daudelako”. Guztira, barnealdia gehienez ere 18 hilabetekoa izango da. Praktikan alde handiak daude herrialdeen arabera: 45 egun arte Frantzian, 60 egun arte Espainian eta Portugalen, 12 hilabete arte Grezian eta Polonian, eta 18 hilabete arte Italian eta Alemanian.

Arau orokor gisa, barnealdia zentro espezializatuetan egingo da. Estatu batek espetxe bat erabili behar duen kasuetan, pertsona horiek preso arruntetatik bananduta egongo dira.

Print Friendly

Deliturik egin ez duten pertsonak askatasunaz gabetzea askatasunerako eta joan-etorri askerako eskubideen urratze larria da. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak ( EZPNI), 9.1. artikuluan ezartzen du pertsona orok askatasun eta segurtasun pertsonalerako eskubidea duela eta inork ez duela jasango atxilotze edo espetxeratze arbitrariorik. Giza Eskubideen Batzordeak adierazi du Itunean bilduta dauden eskubideen gozamendua ez dela mugatzen Estatu Partaideetako herritarretara, pertsona guztietara hedatu behar baita, horien nazionalitatea edo aberrigabezia-egoera edozein izanik ere, baita asilo-eskatzaileetara, errefuxiatuetara, migratzaileetara eta Estatu Partaideko lurraldean egon daitezkeen edo haren jurisdikziopean dauden beste pertsona batzuetara ere. Migreurop-ek adierazi du Itzulera Zuzentaraua, “Lotsaren Zuzentaraua” gisa ere ezaguna dena, atxilotzea migrazioak kudeatzeko modu gisa erabiltzearen “hutsaltzearen” froga bat dela. Gairik larrienen artean, aukera ematen du pertsona kalteberak, adibidez adingabeak, giltzaperatzeko eta kanporatzeko, kanporatze-izapideetan dauden atzerritarrak giltzaperatzeko espetxeak erabiltzeko, Europar Batasuneko lurraldean bost urtez sartzeko debekuak dekretatzeko eta atxilotzearen gehieneko iraupena 18 hilabetetan finkatzeko. Gainera, gizarte zibilaren kontrol-eskubidea mugatzen du, GKEek barneratze-zentroetara sartzeko “baimen bat” behar izan dezaketela ezarriz. Migreurop-ek, zentroetara bisitak eginez, Zuzentarauak legeria europarrak beheranzko joerarekin harmonizatu dituela egiaztatu du: Atxilotze administratiboa espetxe-sistemaren antzekoa da eta funtsezko eskubideen urratze ugari eragiten ditu, adibidez sanitaterako, laguntza juridikorako edo asilo-eskubiderako sarbidea. Barneratzea, batez ere, komunikazio politikoko tresna bat da. Beren herrialdeetatik ihesi datozen eta Europan toki seguru bat bilatzen duten pertsonei ez die asmoa kentzen, baina ‘segurtasun’ sentsazioa sortzen dute iritzi publikoan, errefuxiatuak eta etorkinak ‘etsai’ gisa aurkeztuz, eta era horretan arrazakeria eta xenofobia bultzatuz Europar Batasunak eratzen duen “mugarik gabeko askatasun, segurtasun eta justizia espazioan”.

Bibliografia

  • Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/115/EE Zuzentaraua, 2008ko abenduaren 16koa, egoera irregularrean dauden hirugarren herrialdeetako nazionalak itzultzeko estatu kideen arau eta prozedura komunei buruzkoa.

  • EBren webgunea:http://www.europa.eu

  • Migreurop, 2. zk. buletina, 2013ko apirila

  • Amnistia Internazionala (2013): Hay alternativas: no a la detención de personas inmigrantes. Comentarios al borrador del Gobierno sobre el reglamento de los centros de internamientos de extranjeros. Madril.