Diskriminazioa

||

Bizitza sozialaren hainbat eremutan pertsona bati edo talde bati ematen zaion tratu bereizia eta desberdina kategoria baten edo batzuen arabera, kategoria horiek benetakoak, esleituak edo irudizkoak izanik, hala nola kultura, generoa, adina edo klase soziala.

Diskriminazioa eraginpeko pertsonek eskubideak lortzea mugatzen edo kaltetzen duen ekintza da. Gaur egun, adiera positiboa ere badu, normalean ‘ekintza positiboa’ deitzen dena, pertsonen berdintasuna bultzatzera bideratuta dagoena; horretarako, adibidez, desberdintasun-egoeran daudenei zenbait botere-kuota ezartzen zaizkie (Esate baterako, hauteskunde-zerrendetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatzeko neurriak).

Asilo-eskubidearen esparruan, diskriminazioa ez da berez jazarpentzat hartzen, bereziki errukigabeak diren eta, berez, giza eskubideen urraketa larria diren adierazpenak izan ezik. Nolanahi ere, pertsonarentzat edo taldearentzat oso kaltegarria den diskriminazioaren eredu iraunkorrak eta orokorrak justifikatzen du nazioarteko babesaren premia.

Migrazioen eremuan, diskriminazio mota bat nabarmentzen da bere hedapenarengatik eta inpaktuarengtik: arraza-diskriminazioa.

Arrazakeria sistema ideologiko bat da, eta arraza-diskriminazioa arrazakeriaren indarkeria moduetako bat.

‘Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko nazioarteko Konbentzioaren’ lehenengo artikuluaren arabera (Nazio Batuen Erakundea, 1965), arraza-diskriminazioa honako hau da: “edozein bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehenespen, baldin eta hori oinarritzen bada arraza, larru-kolore, leinu edo jatorri nazional nahiz etnikoaren ondoriozko arrazoietan, xede edo ondoriotzat izanik giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aitorpena, izatea edo egikaritza deuseztatzea edo kaltetzea, politika-, ekonomia-, gizarte-, kultura-esparruetan edo bizitza publikoko beste edozein esparrutan”.

Print Friendly

Diskriminazio-ekintza batzuk legeriak debekatzen ditu, hala nola ustezko arraza edo erlijio bateko kide izateagatik esanbidez argudiatutako ekintzak. Beste batzuk legerian bertan biltzen dira, esate baterako, atzerritarren jatorriak justifikatuta pertsona horiei tratu txarragoa ematea dakarten legezko eta arauzko esparruek ezarritako erakundeen diskriminazioa.

Bibliografia

  • Nazio Batuen Batzar Orokorra (1965): Arraza-bereizkeria Mota guztiak Desagerrarazteko Nazioarteko Konbentzioa. Honako webgune honetan: http://www2.ohchr.org/spanish/law/cerd.htm

  • Blázquez-Ruiz, F. J. (1996): 10 palabras clave sobre racismo y xenofobia. Verbo Divino. Iruñea.

  • Cachón, L. (2005): Bases sociales de los sucesos de Elche de septiembre de 2004. Crisis industrial, inmigración y xenofobia. Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioa, Madril.

  • Secretariado Gitano Fundazioa (2008): Discriminación y comunidad gitana. Secretariado Gitano Fundazioa. N.d.

  • Urrutia, G. (2009): Derechos humanos y discriminación. ¿Nuevos o continuos retos? Alberdania argitaletxea eta Arrupe Etxea Giza Eskubideen Institutua, Donostia.