Trauma

||

Etimologikoki, zauria esan nahi du. Jatorri horretatik abiatuta, traumari buruzko definizio asko daude bere bi alderdietan: muturreko gertaera txundigarri gisa eta gertaera horren aurrean gizakiak duen erreakzio gisa. Antzeko zentzuan, ‘trauma soziala’ terminoa erabiltzen da prozesu edo gertakizun historikoren batek herrialde oso bat kaltetuta utz dezakeela adierazteko.

‘Trauma psikosozialez’ hitz egiten denean bi alderdi azpimarratzen dira: a) pertsonei edo komunitateei eragiten dien zauria sozialki eragin dela, hau da, zauri horren jatorria ez dagoela pertsonarengan, gizartean baizik; b) haren izaera pertsonaren eta gizartearen arteko harremanetik elikatzen da eta harreman horri esker eusten zaio, erakundeen eta taldeen bitartekaritzen bitartez ez ezik, bitartekaritza indibidualen bitartez ere. Elementu horiek erabakigarriak dira esperientzia traumatiko baten ondoren munduan berriz kokatzeko zer egin daitekeen identifikatzeko garaian.

Gertaera baten potentzial traumatikoa bere ezaugarrien araberakoa izango da (potentzial handiagoa bat-batekoa, luzea, errepikakorra eta nahita egindakoa bada) baita hura pairatzen duen pertsonaren edo komunitatearen esperientziaren eta pertsona edo komunitate horrek erantzuteko dituen aukeren araberakoa ere. Hortaz, traumaren definizioa ezin da orokorra izan, baizik eta bizirik atera direnen esperientzietatik abiatu beharko du.

‘Gertaera traumatiko’ bati buruz hitz egiteko elementu nagusiek honako irizpide hauek izan ditzakete oinarritzat:

  • Pertsonaren osotasun fisikorako eta/edo psikologikorako mehatxua izan daitekeen esperientzia, gertaera jazo denean kaoseko eta nahasketako bizipenekin lotuta dagoena askotan, oroitzapenaren zatiketa, absurdotasuna, laztura, anbibalentziak edo nahasmendua.
  • Marka ezabaezin batekin lotzen dena.
  • Gainerako pertsonentzat adierazezina, kontaezina, ulertezina dena.
  • Pertsonaren segurtasuneko erreferenteak osatzen dituen oinarrizko onarpen bat edo gehiago hausten dituena, eta, oso bereziki, bizitzari buruzko zauriezintasuneko eta kontroleko sinesmenak hausten dituena. Esate baterako, beste pertsonekiko konfiantza eta enpatiarako aurrejoera, edo munduaren izaera kontrolagarrian eta iragartzeko modukoan jarritako konfiantza.
  • Hortaz, pertsonaren, komunitatearen eta gizartearen identitateari sakon eragiten dion esperientzia da, munduaren eta norberaren ikuspegia hausten duelako.

    Bizirik atera direnen esperientziak erakusten du ezbeharrarekiko erresistentziazko elementu batzuk daudela, esperientziari zentzua bilatzen lagunduko dutenak, esperientzia txertatu ahal izateko. Besteak beste: norberaren bizitzari buruzko kontrolari eustea eta defentsa-gabezia saihestea; norberari eta munduari buruzko irudia berreraikitzea; anbiguotasuna eta zalantza onartzea; eta emozio positiboak sustatzea.

    Print Friendly

    Bibliografia

    • Martín Baró, I. (1990): Psicología Social de la Guerra. Trauma y Terapia. Erdialdeko Amerikako Unibertsitatea, San Salvador, 10. Or.

    • Pérez-Sales, P. Koord. (2003): Programa de autoformación en psicoterapia de respuestas traumáticas (volumen 1): trauma y resistencia.